Skip to main content
01

Ongizatearen, zoriontasunaren eta emozioen aldeko pasioa

Ongizatearen, zoriontasunaren eta emozioen aldeko pasioa :: Emozio positiboak, ongizatea eta zoriontasuna

Emozio positiboak, ongizatea eta zoriontasuna

Gure bizitzako une guztietan sentitzen ditugun emozioek eta afektuak ematen digute ongizate handiagoa edo txikiagoa. Emozio baikorrak: esperientzia baikorrak eratzen dituzte; gozamena sustatzen dute, eta sari bat dira guretzat; gure sormena eta espontaneotasuna areago garatzen laguntzen dute, eta gure atsegina eta konpromisoa handitzen. Emozioek gure indarguneak eta bertuteak lantzen eta suspertzen dituzte, eta zoriontasuna dakarkigute.

Ongizatea eta zoriona elkarri lotuta doaz, eta banaezinak dira. Zenbat eta ongizate handiagoa (subjektiboa) are eta handiagoa gure sormena eta espontaneotasuna, eta gure jarrera atseginagoa da.

Zer da zoriontasuna?

Zoriontasunaren gaineko ikuspegiak askotarikoak dira:

  • Zoriontasuna betetasun gisa: egoera afektibo baikorren batura da; baretasuna eta lasaitasuna sumatzen dira.
  • Zoriontasuna bertute:ikuspegi etikoa, indargune pertsonalak.
Irudia
Emociones positivas

Ongizatearen osagaiak

Ongizateak bi elementu ditu funtsean, bat hedonikoa eta bestea eudaimonikoa. Ongizate hedonikoa dago une atsegin pila bat dugunean eta gure desirak beteak sumatzen ditugunean. Oro har, gertaera ezkorrek baikorrek baino gehiago jotzen gaituztenez, baikorrei arreta handiagoa eman behar diegu.

Ongizate eudaimonikoak bizitzaren betetasunari eta zoriontasunari egiten dio erreferentzia. Ongizate mota horretan, gure giza indarraren garapen harmonikoa da esanguratsuena. Ildo horretan, zoriontasuna pareka daiteke osasun mental baikorra lantzearekin eta honako alderdi hauek hartzen ditu:

  • Norbere burua onartzea eta norbere bururarenganako jarrera baikorra izatea: zeure buruarekin betea sentitzea, eta dituzun indarguneak eta ahulguneak onartzea, baita iragana ikuspegi baikorrarekin berrebaluatzea ere.
  • Ingurunea menderatzen dugulako sentipena: lanerako gaitasuna, helburu errealistak ipintzea, eta zure balioak eta premiak beteko dituen giroa hautatzea edo sortzea.
  • Harreman baikorrak beste batzuekin: harreman estuak, beroak eta konfiantzazkoak ezartzea beste pertsona batzuekin, besteen ongizateaz kezkatzea, afektua sentitzea, enpatikoa izatea, hurbiltasuna erakustea, giza harremanen alde onak eta txarrak ulertzea.
  • Asmoak edo koherentzia ikuspegia izatea bizitzan: helmugak edo helburuak izatea eta bizitzari norabide bat ematea, orainak eta iraganak zentzu bat dutela sentitzea; bizitzari zentzua ematen dioten sinesmen ideologikoak, espiritualak eta erlijiosoak partekatzea.
  • Autonomia edo independentzia handiagoa bilatzea: pertsona independenteak, gizarteko presioa jasateko gauza direnak, jokabide pertsonalen bidez eta barne irizpideen bidez jarrera doitzea.
  • Hazkuntza pertsonala: ikasteko, hazteko eta hobetzeko sentimendua, irekia egotea esperientzia berrietara, zeure izaera indartzen ari zarelako sentipena izatea.
  • Errealitatea behar bezala hautematea: norberaren ikuspegi baikorra ikuspegi errealista batekin konbinatzea, egoerak kontrolatzeko dugun gaitasuna neurriz gaindi ipini gabe, eta gure gaitasunak.
Irudia
Emociones positivas

Ariketa 1.2 - Autoezagutza emozionala

Zure autoezagutza emozionala lantzea proposatzen dizugu, estresa gehien sortzen dizuten egoerak aztertuz eta idatziz.

Deskargatu ariketa

Orain gehiago dakizu emozioez, zoriontasunaz, ongizateaz... Hona hemen orain zenbait gako zoriontsuagoa izateko:

  • Jardun beti zer edo zertan. Bilatu bete ditzakezun jarduerak eta zereginak, helburu garbi eta zehaztu bat dutenak; izan dezatela amaiera epe jakin bat eta izan dadila saria hura gauzatzea hutsa.
  • Erabili zure denbora gizartera begirako jardueretan. Eman denbora gizartera begira betetzen zaituzten jarduerei, taldeko kide sentiarazten zaituztenei.
  • Jarri helmugak. Zeure buruarekin konprometitu zerbait lortzeko, helburu bat erdiesteko. Horretan saiatzeak segurtasuna emango dizu, eta bizitzan eginkizun bat aurkitzen lagunduko dizu.
  • Antolatu eta planifikatu gauzak. Eduki antolatuta eta planifikatuta zure jarduerak, finantzak eta ondasunak.
  • Ez gehiegi kezkatu. Ikasi bereizten zer den egoera bat ebaluatzea eta planifikatzea irtenbide atsegin bat lortzeko, eta zer den bueltaka ibiltzea, hausnartzea eta marmarrean aritzea.
  • Garatu baikortasuna. Bizitza honetan, zenbait gertaera aldaezinak dira, baina ikuspegi batetik baino gehiagotatik begiratu ahal zaie. Ikasi gauzen alderdi ona ikusten eta sentimendu ezkorrak urrutiratzen.
  • Ez konparatu zeure burua besteenekin. Saiatu zu zeu izaten, aukeratu zer egin eta jokatu zeure sentimenduen eta pentsamenduen arabera. Bilatu zeuretzako moduko balioak eta ez besteentzako balio dutenak. Konparatu zaitez zeure buruarekin, eta baloratu zeure aurrerapenak, baina ez neurtu besteek lortu dutenarekin.
  • Adierazi esker ona. Besterik gabe, eskertu daukazuna, lortu duzuna, zauden unea. Eskertu, hala berean, adostasunak eta desadostasunak.
  • Izan onbera. Entzun bihotzari eta egin ongia ahal duzun guztietan. Egin ezazu hala nahi duzulako, onbera izateak poztasunez betetzen zaituelako eta ez trukean zer edo zer espero duzulako.
  • Ikasi barkatzen. Mina eman zigutenenganako erresuminak eta gorrotoak gure emozio ezkorrak sustatzen ditu.
  • Zaindu harreman intimoak. Zenbat eta hurbilagoa izan harreman bat, are gehiago kanporatzen ditugu sentimenduak. Eta oro har, hurbiltasunagatik, batzuetan ahaztu egiten zaigu nolako garrantzia duten horrelako harremanek guretzat.
  • Egin adiskide berriak eta zaindu zaharrak. Landu zure adiskidetasunak eta saiatu jende berria ezagutzen, haren laguntasunaz gozatzeko.
  • Gozatu unea. Eman aukera zeure buruari bizitzak ematen dituen poz txikiez gozatzeko. Dastatu te edo kafe kikara baten zaporea, ikusi egunsentia, entzun txoriak kantuan, behatu eguzkia nola sartzen den leihotik eta haizeak nola ukitzen duen zure aurpegiko azala.
Irudia
Emociones positivas
  • Balioetsi zoriontasuna. Denaren gainetik, aitortu eta utzi zeure buruari zoriontsua izaten, izan bedi ongizatea bera helmuga bat.
  • Praktikatu espiritualtasuna. Espiritualtasuna ez erlijio bat balitz bezala, baizik eta zuzenean zure hazkuntza eta eboluzioa bilatzen duen bizitzeko modu bat bezala. Norbera espirituala bada, pentsatu, sentitu eta jokatzeko orduan  ere hor azalduko dira kontzientzia, maitasuna, ontasuna, adeitasuna, poztasuna, ekitatea, irekitasuna eta errukitasuna, eta norberaren eta gainerakoen mugak errespetatuko ditu.
  • Zaindu zure gorputza. Gorputzak lagun egiten digu bizitza osoan, gure tenplua da. Hura zainduta, onurak datozkio norberari, bai alderdi fisikotik eta bai alderdi mentaletik. Zeure burua zaintzeko orduan, onena da gauza hori atsegina bihurtzea eta ez betebehar bat. Oro har, ongizatearen mesedetan izaten da dieta orekatu bat eramatea, denetarik jatea, jarduera fisikoa edo ariketak maiz egitea, ondo atseden hartzea eta baikorra izatea.

Ariketa 1.3 - Ohitura osasungarriak entrenatzeko egunkaria

Ongizatea hobeto sentitzeko praktikatu dezakezun trebezia da. Ongizatea lortzea ez da gitarra jotzen edo marrazten ikastearen ezberdina, hau da, praktikatzen baduzu horretan espezialista izatera irits zaitezke.

Deskargatu ariketa