Zer dakar gida honek?
Esku artean duzun gida hau pasio handiz egina dago. Bizitza osoan gauza asko egiten ditugu konpromisoz, besteek zer esango duten, eta, oro har, motibatzen ez gaituzten gauzak izaten dira, atseginak ez zaizkigunak. Baina egiaz gauza batek betetzen bagaitu, emozionatzen bagaitu, irribarrea sorrarazten digu eta energiaz hornitzen gara, zoragarria da.
Liburu honen egileok, irakurle, izugarri maite ditugu gure laneko jakintza arloak: psikologia, soziologia, dietetika eta nutrizioa, eta jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak; eta pasio hori erakutsi nahi dizugu gida honen bitartez. Bertan, teoria eta jarduera praktikoak aurkituko dituzu, zure osasunari eusten eta/edo hobetzen lagunduko dizutenak, eta ez bakarrik osasun fisikoa edo gorputzarena, baizik eta baita osasun psikikoa eta ongizate mentala ere, hau da, era autonomoan eta solidarioan eta gozamenez bizitzeko modua ematen digun osasun hori. Izanez ere, osasuna ez da bakarrik gaixo ez egotea, zeren eta gaitzen bat duenak ere aldi berean senti dezake ongizatea edo izan dezake bizitza bere osotasunean gozatzeko gaitasuna.
Gida honekin, jarrera, sinesmen eta ohitura berriak hartzen lagunduko dizugulakoan gaude, hots, ohitura osasungarriak batez ere honako alor hauetan: elikadura, jarduera fisikoa, mentala eta soziala eta oreka psikikoa eta emozionala. Bizimodu osasungarria egiten ikas daiteke musika tresna bat edo margotzen ikasten den bezalaxe. Praktikatzen baduzu, oso ona izan zaitezke zeure burua zaintzen. Ohitura osasungarrietan entrenatzen bazara, horrek lagundu egingo dizu gero ongizatearen eta zoriontasunaren bidean ibiltzen. Ez al du merezi saiatzea?
Dena den, ohartzen gara ohitura osasungarri horiek hartzea ez dela erraza. Erraza da idatzian ematea; baina egiaz garrantzitsuena, eta batzuetan zailena, praktikan jartzea izaten da. Horrexegatik, informazio teorikoa sartu dugu gida honetan, baina ez hori bakarrik, ariketak ere sartu ditugu eta; hau da, jarduera praktikoak, norbere baitarakoak eta kontzientzia hartzekoak. Horrela, errazago barneratuko duzu irakurtzen zoazena. Espero dugu ariketa horiek egingo dituzula irakurraldiari probetxu handiagoa ateratzeko. Eta ahalegina eta pasioa jarrita zure gogoa beteko duzula.
EROSKI Fundazioarentzat eta egileontzat, gida hau egitea erronka bat izan da, eta uste dugu ongi atera garela. Harro gaude emaitzarekin, eta espero dugu zure atseginekoa izatea.
Gozatu berau irakurtzen!