Agustín Markaidearen gutuna
Bizitza pasioz hartzen bada, gauzak gertatu egiten dira, zuretzat eta zuri eskerrak. Eta aitzitik pasioa eta bere zirrara-zurrunbiloa saihesten dituena astiro hiltzen da (Pablo Neruda).
Aurten, Eroskiren 50. urteurrena ospatzen ari gara. Mende erdi honetan, gure bazkideen eta oro har gizartearen bizi kalitatea hobetzeko pasioaren haizeak mugitu gaitu, eta horretan jardun gara haiei elikadura orekatsuago eta jasangarriago bat egiten lagunduta batez ere.
Jendearen elikadura beharrak eta norberaren orekan eragiten duten gainerako faktoreak aldatuz joaten dira bizitzako etapa guztietan. Helduaroari dagokionez, gero eta lausoagoak dira adinen arteko mugak, eta adinak baino gehiago markatzen du desberdintasuna bizimoduak. Hala, adinekoek gero eta zerbitzu eta produktu ugariagoak eta konplikatuagoak eskatzen dituzte, eta, gure konpromisoa ahal den neurrian horiek betetzea denez, gida praktiko hau egin dugu. Honek erakusten du zenbaterainokoa den konpromiso hori, herritarren segmentu zabal eta askotarikoak hartzen baititu.
Eskerrak eman nahi dizkiet Euskal Herriko Unibertsitateko espezialista bikainei, gida honen sorkuntzan jarritako pasioagatik. Bertako kapituluetan xehe-xehe ageri dira —ariketa teoriko zein praktikoen bitartez— heldutasunean bizitza oso eta osasungarri bat eramateko sekretuak.
Bizimodu osasungarri bat eramaten ikasi egin daiteke, eta praktikarekin hobetu; gainera, edozein adin da aproposa praktikatzen hasteko. Gida honetan deskribatzen den bezala, ohitura osasungarriak hartzeko kontuan izan behar dira elikadura, jarduera fisiko eta mentala, oreka emozionala eta gizarte harremanak. Hemen proposatzen diren ariketak egin ahala, ongizatearen bidean ariko gara, bakoitza bere pausoan eta bideaz gozatzen.
Ibilbide zoriontsu bat egin dezazula.