Skip to main content
01

Ongizatearen, zoriontasunaren eta emozioen aldeko pasioa

Ongizatearen, zoriontasunaren eta emozioen aldeko pasioa :: Zer dira emozioak? Eta zergatik dira garrantzitsuak?

Zer dira emozioak? Eta zergatik dira garrantzitsuak?

Uneoro izaten ditugun erreakzioak dira emozioak, eta gure bizitzako alderdi guztietan eragiten dute. Dauden emozio motak ezagutzen eta kudeatzen ikasten badugu, gure bizimodua hobetzeko aukera irekiko zaigu.

Garrantzitsua da emozioak eta afektua bereiztea:

  • Emozioak: afektu mota konplexu bat dira, eta erraietiko erreakzioak eta erreakzio kognitiboak direla esan daiteke. Egoera eta objektu batzuetara lotuak egoten dira, eta erreakzioz osatuak daude: erreakzio fisikoak, mentalak, espresio bidezkoak eta jokaerazkoak. Esperientzia emozionala bizia eta laburra izaten da. Adibidez, alai nago, bidaia honetan lagun bat egin dudalako. Gure esperientzien %25 inguru emozioak izan ohi dira.
  • Afektua: fenomeno orokor eta ezespezifiko bat da, eta haren barnean sartzen dira ebaluazioak, aldarteak eta emozioak. Aldarteek emozioek baino gehiago irauten dute. Kausa espezifikorik ez duen ñabardura batez ari gara: gogoz eta bizi egotea / haserre egotea / goibeldua edo lur joa egotea. Afektua izan ohi da gure esperientzien %75 inguru.

Ikuspegi zientifiko bat baino gehiago dago emozioak definitzeko orduan. Bestalde, emozioak oinarrizko emozioetan eta emozio konplexuetan sailkatzen dira.

Oro har, oinarrizko sei emozio bereizten dira, aurpegiko espresio unibertsalen (jaiotzezkoen) bidez adierazten direnak. Hauek dira: poza, haserrea, beldurra, tristura, ezustea eta nazka

EmozioaZertarako balio duen 

Poza:

Emozio honek zoriontasuna eragiten digu. Gertaera baikor bat izaten dugunean sortzen da. Egoera afektibo horrek ongizatea eragiten du, eta irribarre zintzo batez adieraz daiteke.

SORMENA BULTZATZEKO ETA LAGUNKOIAK IZATEKO.

Honako hauek dakartza: pentsamendu baikorra eta aldarte sortzailea, autoestimua, norbere buruarengan eta gainerakoengan konfiantza izatea.

Irudia
Alegría

Tristura:

Emozio hori sortzen da oro har zerbait garrantzitsua galtzen dugunean. Hasperenaren bidez ager daiteke, edo malkoen bidez eta/edo apatiaren bidez.

GOGOETA ETA IRITZIA BULTZATZEKO, BAKARTZEKO, LAGUNTZA
ESKATZEKO.

Honako hauek dakartza: norbere baitara biltzea, gogoeta egitea, pentsamendu analitikoa eta gogoetazkoa.

Irudia
Tristeza

Beldurra:

Egiazko nahiz irudizko edozein arriskurekin sortzen da emozio hori. Dardararekin eta norbere baitara biltzearekin ezagutzen da, edo ihes egitearekin edo “ileak laztearekin”.

ARRISKUTIK BABESTEKO.

Honako hauek dakartza: arriskutik ihes egitea, alde egitea, saihestea, egoera eta pertsona uztea.

Irudia
Miedo

Haserrea:

Ohiko emozioa izaten da egoera bat bidegabetzat jotzen dugunean. Keinu mehatxagarriekin adierazten da, baita garrasika edo eskuak estututa ere.

BORROKA EGITEKO, DEFENDATZEKO.

Honako hauek dakartza: borroka egitea, aurre egitea, trabak gainditzea, beste pertsona batzuk gainditzea.

Irudia
Ira

Ezustea:

Berria, bat-batekoa, kasualitatezkoa edo ezezaguna den zerbaitek eragiten duen emozioa. Besteak beste, begi niniak zabalduta, bekainak igota eta ahoa irekita adierazten da.

BERRIAK DIREN EGOERETARA EGOKITZEA.

Portaera egokitzeko modua ematen du ezuste bat dugunean. Jakin-mina eta ikaskuntza errazten ditu.

Irudia
Sorpresa

Nazka:

Sentipen desatsegina baina babesgarria. Goragalea, zorabioa eta abar eragin ditzake. Espresio horiek ohikoak dira desatsegina adierazteko.

ARBUIOA.

Egoera desatseginetatik edo kaltegarrietatik ihes egitea edo haiek saihestea.

Irudia
Asco

Erakusteko nola eragin dezakeen gertaera batek gure emozioetan eta gure erantzunetan,hona hemen adibide bat (ikusi Zikloa: adibide bat. Zerbait gertatzen zaigunean). Zerbait gertatzen zaigunean berehala ebaluatzen dugu egoera; esaterako, norbaitek irribarrez agurtzen gaituenean. Irribarre horren ebaluazio baikorra dela eta, pozaren sentimendua sumatzen dugu. Eta, poz sentimendu hori dela eta, beste irribarre batekin erantzuten dugu eta hizketan hasten gara; horrek, hala berean, beste hurbilketa jokabide batzuk ekartzen ditu.

Irudia
Zikloa: gertaera-ebaluazioa-erreakzio emozionala-erantzuna

Oinarrizko emozioetan oinarrituz, emozio konplexuak eratzen dira, hala nola maitasuna, errua, larridura eta errukia. Maitasunaren osagaiak, esaterako, poza, samurtasuna eta jakin-mina dira; eta larridurak beldurra dauka, eta tristurarekin nahiz haserrearekin batera ager daiteke.

Emozio traszendenteek, berriz, afektu baikorrak dituzte bere baitan, eta besteengana edo talde handiagoetara hurbiltzen gaituzte, hala nola gizateriara. Hona hemen emozio traszendenteen zenbait adibide.

Emozio transzendenteak

GORATASUN EDO INSPIRAZIO MORALA

Zerk eragiten du?

Ekintza edo pertsona bikainek, bertutetsuek, moral handikoek.

“Trukean zerbait emateko gogoa” pizten dute, zaurgarriak sentitzekoa eta konpromiso soziala handitzekoa.

Irudia
Elevación

HARRIDURA EDO MIRA

Zerk eragiten du?

Naturaren handitasunak, arteak (monumentuek), giza topaketek, ezagutzak, erlijioak, jaiotzak...

Gure buruaz eta gure munduaz dugun kontzeptua iraultzen dute, eta gure ikuspegia egokitzera behartzen gaituzte.

Irudia
Asombro

KAMA MUTA EDO MAITASUNAK HUNKITZEA

Zerk eragiten du?

Aspaldiko topaketek, berradiskidetzeek, barkamenak, erditzeek, karitateak...

Batasuna bultzatzen dute, elkartasuna, laguntza, hurbiltasuna eta maitasuna.

Irudia
Kama

Emozioak doitzea eta inteligentzia emozionala

Gure emozioak eta afektuak nola maneiatzen ditugun, bietako bat, edo bizimodu sanoa eta gozamenez betea eramango dugu edo bizimodu ez hain sanoa, gure blokeoekin eta are gaixotasunekin.

Emozioak doitzeko, egokitu egin behar ditugu gure erantzun kognitiboak: (Nola definituko dut egoera bat: mehatxu bat da ala erronka bat?; jokabidezko erantzunak (egoerari aurre egin ala saihestu?); edo espresio bidezkoak (nire sentimendua adieraziko dut, ala inhibitu egingo naiz). Inteligentzia emozionalaz baliatzekotan emozioak onartzeko, ezagutzeko, erabiltzeko eta adierazteko gaitasunak garatu behar dira egokitzapen xedeekin.

Ariketa 1.1 - Ebaluatu zure inteligentzia emozionala

Zure adimen emozionala ebaluatzeko, eman puntuazio bat galdetegiko baieztapen bakoitzari. Horietako bakoitza zure emozio eta sentimenduak kudeatzeko moduari dagokio.

Bete galdetegia