Skip to main content
01

Ongizatearen, zoriontasunaren eta emozioen aldeko pasioa

Ongizatearen, zoriontasunaren eta emozioen aldeko pasioa :: Osasun pertsonala eta kolektiboa

Osasun pertsonala eta kolektiboa

1. Kapituluan Ongizatearen, zoriontasunaren eta emozioen aldeko pasioa, aipatu dugu bizimodu osasungarria izatea ez dela bakarrik gure gorputza zaintzeko baliagarria, izan ere, balio du orobat ongizate handiagoa lortzeko eta zoriontsuagoak izateko. Bizimodu osasungarritzat hartzen dira: jarduera fisikoa maiz egitea, behar bezala elikatzea, behar bezala atseden hartzea eta gizarte bizitza aktiboa izatea, besteren artean.

Baina komeni da aipatzea bizimodu osasungarriak bakarrik ez duela baldintzatzen gure osasuna. Jendearen eta komunitateen osasunean badira beste faktore batzuk ere. Faktore horiek irudiekin aurkeztu dira. Jarraian ikusiko duzu bat, Dahlgren eta Whiteheaden osasunaren baldintzatzaileen eredutik hartua. Ikusiko duzunez, eredu honek geruzak ditu:

  • Lehen geruzan edo erdialdean, pertsonen gaineko faktoreak datoz, hasiera batean aldaezinak direnak (ezin dira moldatu), hala nola adina, sexua eta faktore genetikoak.
  • Bigarren geruza batean, osasunarekin lotzen diren jarrerei buruzkoak ikusiko ditugu, hau da, bizimoduak edo bizitzeko estiloak.
  • Hirugarren geruzan, harreman pertsonalak eta pertsonek gizartean duten babesa ageri dira.
  • Laugarren geruzan, berriz, honako alderdi hauek datoz: bizi baldintzak eta lan baldintzak, oinarrizko ondasunen eta zerbitzuen eskuragarritasuna —esaterako, osasun sistema—; horiek pertsona baten osasuna baldintzatzen dute.
  • Eta azkenik, baldintza sozioekonomiko, kultural, politiko eta ingurumeneko orokorragoak datoz; horiek pertsonen eta komunitateen osasuna baldintzatzen dute.
Irudia
Osasun pertsonala eta kolektiboa

Osasuna hobetzeko, hortaz, begirada eta baliabideak zuzendu behar ditugu, ez bakarrik alderdi biologiko eta indibidualetara, baizik eta baita aipatu berri dugun ereduko azken geruzara ere; hau da, arreta jarri behar diogu baldintza sozioekonomikoei, kulturalei, politikoei eta ingurumen arlokoei. Beharbada hobeto ulertuko duzu adibide batekin. Jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatzeko hezkuntza kanpainak, berez, ez dira eraginkorrak biztanleriaren osasuna hobetzeko. Alabaina, fruta eta berdura freskoa eskuragarriago jartzen badira (prezio merkeetan) edo pasiatzeko edo bizikletan ibiltzeko eremuak sustatzen badira, efektibotasuna asko igoko da.

Eta hain zuzen baldintza horiek (sozioekonomikoek, kulturalek, politikoek eta ingurumen arlokoek) markatzen dute diferentzia kasu askotan osasunaz ari garela, eta horrek eragiten du denok ez izatea bizi oso batez gozatzeko posibilitatea. Esate baterako, bizi itxaropenari begiratzen badiogu, ez da gauza bera auzo batean edo beste batean jaiotzea. Halako moldez da hori horrela, ezen Bilbon bizi itxaropen handiena duen auzotik txikiena duenera sei urteren diferentzia baitago gizonetan eta ia bostena emakumeetan.

Bizimoduaren gaiari atzera helduta (osasunaren baldintzatzaileetako bat den aldetik), pentsatu ohi dugu bakoitzak bere kasa eta era autonomoan erabakitzen duela nolako bizimodua izan nahi duen (zer-nola jan, nolako jarduerak praktikatu, eta abar). Baina ez da erabat egia. Esate baterako:

  • Jarduera fisikoa praktikatzen dutenak eta aldi berean era osasungarrian jaten dutenak eta gizentasunik ez dutenak gehiago dira zenbat eta maila ekonomiko altuagoa izan.
  • Bizi garen ingurunean elikagai freskoak eta osasungarriak erraz eskuratzeak laguntzen du ohitura osasungarriak sustatzen.
  • Interes ekonomikoek eragina dute osasunerako kaltegarriak diren zenbait produktu —hala nola azukre gehigarriak dituzten horiek— kontsumitzeko orduan.
Irudia
Salud personal y colectiva

Beharbada, puntu honetara iritsita, zertxobait etsituta egongo zara pentsatuz ez dagoela zure eskuetan osasunerako eta zure inguruneko pertsonentzako garrantzitsuak diren gorabehera horiek aldatzea. Ez izan pentsamendu ezkorrik; saiatu aplikatzen gida honen 1.3 atalean ikasitakoa Pentsaera baikorra. Osasunaren gorabeherei ikuspegi zabal batetik begiratzen badiezu (osasuna giza eskubide gisa, eta osasuna justizia sozial gisa), konturatuko zara  egunerokoan erabaki asko hartzen dituzula zure osasuna eta komunitatearena hobe dezaketenak. Hona hemen horietako batzuk:

  • Bilatu ezagutza. Gaur egun gehiegizko informazioa dugu, baina askotan informazio hori lotua egoten da interes komertzial eta politikoetara. Hortaz, komeni da begirada kritikoa izatea, eta ez sinestea irakurtzen eta entzuten duzun guztia. Bilatu ezagutza komunikabide independente eta fidagarrietan osasunaren arloan, elikadurarenean...
  • Osasun kolektiboan pentsatuz kontsumitzea. Kontzientziarekin erostea oso eraginkorra da bai norberaren ongizaterako eta bai kolektiborako. Eta gure elikadurari buruz pentsatzen badugu, kontua ez da elikagai fresko eta osasungarriak aukeratzea, baizik eta baita produktu jasangarriak, tokian tokikoak eta guregandik hurbil dauden saltokietakoak erostea ere. Hala, ingurumena errespetatzen duen kontsumo eta harreman eredu baten alde egiten dugu, aldi berean gizabidezkoa eta osasungarria dena.
  • Parte hartzea. Elkarrekin arituta indartsuagoak eta sanoagoak gara. Lagundu ongizate kolektiboaren alde diharduten elkarteei eta taldeei; esaterako: auzo elkarteak, hiri baratzeak, kontsumo taldeak... Taldean, errazagoa da hobekuntzak aldarrikatzea norbere ingurunean, ongizate eta osasun aukera handiagoak lortzeko (esaterako, adinekoentzako menuen kalitatea, espazio publikoen hobekuntza...).
  • Eman botoa osasuna gogoan hartuta! Rudolf Virchowek zioen bezala —XVIII. mendeko mediku sozial ezagun bat bera—, politika ez da medikuntza eskala handian baizik. Osasuna kontu politikoa da, eta horrela erakusten dute
    ikerketa ugarik, zeinek erregimen politiko askotarikoak aztertu dituzten eta herritarren osasunean duten eragina konparatu. Gainera, osasuna arlo politikoan hartzen diren erabakiek baldintzatzen dute. Hortaz, botoa emateko orduan, pentsatu osasunean, herritarren tresnarik indartsuenetako bat da ongizate indibidual eta kolektiboari begira.

Ariketa 1.24 - Norberaren eta taldearen osasunaren determinatzaileei buruzko hausnarketa egiten du

Idatzi atal honetako ideia nagusiak eta nola aldatu nahi duzun jarduteko modua.

Deskargatu ariketa